[About BASIS WEBserver Gateway | Search | Search Assist | Summary | Expand/VTOC Display | DownLoad | Prior Document/Prior Multi-DB Result | Top | Prior Page | Next Page | Bottom | Next Document/Next Multi-DB Result | Help]

 Lege hori guztiz lotuta 
zegoen fundazioek Euskadin egina zuten bide luzearekin, 
XIX. mendearen amaieran gizartearen zatirik ahulenen behar 
sozial, asistentzial eta hezkuntzakoak asetzeko gure 
lurraldean eratu ziren fundazio ugarik urratutako 
bidearekin, alegia. Legea aitzindari izan zen fundazioei 
ordura arte baino tratamendu malguagoa –baita unitarioa 
ere– ematen, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazio 
guztientzat erregistro eta babesletza bakarra ezartzea 
aldezten baitzuen eta alde batera uzten, berriz, 
fundazioak, bilatzen ziren helburuen arabera, Administrazio 
publikoaren eremu bati edo besteari atxikitzen zizkion 
ordura arteko eredua. Lege horren osagarri izan dira Euskal 
Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren 
Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 
Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen 
Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 
101/2007 Dekretua. 

   Ekainaren 27ko 12/1994 Legea, gainera, moldatu egin da 
Europar Batasunean fundazioaz dagoen ikuskeraren arabera, 
eta apirilaren 23ko 7/2012 Legeak aldatu egin zuen, 
nahitaezkoa baitzen barne-merkatuko zerbitzuei buruz 
Europako Parlamentuak eta Kontseiluak abenduaren 12an 
emandako 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko. Baina azken 
urteotan, arlo honetan lege berri bat egitea gomendatzen 
duten beste arrazoi batzuk sortu dira. Besteak beste, 
beharrezkoa da hala Administrazio publikoari nola 
fundazioei eta, oro har, herritarrei segurtasun juridiko 
handiagoa eskaintzea; eta beharrezkoa da, halaber, erakunde 
horiei aplikatu beharreko arauak testu batean bildu eta 
aldaketa tekniko-juridikoak sartzea, fundazioen gaineko 
araudia garai berrietara egokitu dadin, gizartearen egungo 
eskakizun eta beharrei erantzunez. Gogoan izan behar da, 
gainera, Zuzenbide publikoaren arloko erregulazioaz gain, 
Zuzenbide zibilari dagokionez, lege berriak egungo Euskal 
Zuzenbide Zibilera egokitu behar duela erregulazioa, Euskal 
Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 
arabera, dena ere Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia 
Estatutuak 10.5 artikuluaren bidez gure Autonomia 
Erkidegoari ematen dion eskumen esklusiboari jarraikiz. 
Azken finean, kontua da aurrera egitea Administrazioa 
sinplifikatzen eta zerbitzu publikoak arrazionalizatzen –
fundazioak sortzeko eskubidea indartuz eta, aldi berean, 
gaur egun fundazioa murgilduta dagoen trafikoaren 
segurtasun juridikoa bermatzeko beharrezkoak diren 
kontrolak ezarriz–, eta kontua da, halaber, fundazioen 
araubide juridiko bereziaren ondorio diren eskakizunak ondo 
beteko direla bermatzea.
 
   Horregatik guztiagatik, diseinatu den legea ez da oso 
luzea eta ez du den-dena ere arautzen, baina modu egokian 
heldu die garai berriei erantzun ahal izateko erregulazio 
baten beharra duten gai guztiei. Helburu horiek lortzeko, 
legearen sistematika moldatu egin da. Legeak 74 artikulu 
ditu, lau kapitulutan bilduta, eta horiek, aldi berean, 11 
ataletan zatituta; eta, bukatzeko, zazpi xedapen gehigarri, 
bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi 
azken xedapen ditu. 
 
   Eta, ildo berean, lege honek ahal berri bat ezartzen du 
eremu honetan, zehapen-ahala, zeinaren helburua baita 
jardutea betebehar administratiboen aurkako jokabideen 
disuasio-tresna gisa eta fundazioak finantzatzen laguntzen 
dutenenganako konfiantza sortzeko neurri gisa. Baliabide 
exekutibo bat da, ordenamenduak administrazio publikoen 
esku jartzen duena, lagungarria izan dadin fundazioaren 
proiektua interes orokorraren eta fundatzaileen 
borondatearen arabera garatzeko. Hala, tipifikatu egiten 
dira fundazioek maizenik izan ohi dituzten arau-hauste 
jokabideak, eta horiei dagokienez zehapen-ahala tresna 
efektibo bihurtzen da, esku-hartze mekanismo erasokorragoak 
erabiltzea saiheste aldera. Ahal berri hau arautzeko 
orduan, argi izan da fundazio askok, guztiz edo zati 
batean, izaera pribatua dutelako ikuspuntua eta 
kontzientzia.
 
II
 
   I. kapituluak, fundazioen araubide juridikoari 
buruzkoak, xedapen orokorrak ezartzeaz aparte, arautzen 
ditu fundazioaren eraketa, gobernua, ondarea, 
funtzionamendua, jarduerak, aldaketa, bat-egitea, 
bereizketa, azkentzea eta eraldaketa. Aurreko legearekin 
alderatuta, hauek dira berrikuntza nagusiak:
 
   Xedapen orokorretan, fundazioen xedeek interes 
orokorrekoak izan behar dutela esateaz gainera, berez 
halakotzat jotzen diren xedeen zerrenda ireki bat eransten 
da. Legearen aplikazio-eremuari dagokionez, 1994ko legean 
bezalaxe, ezartzen da beren jarduera nagusiki Euskal 
Autonomia Erkidegoan egiten duten fundazioei aplikatuko 
zaiela; baina, gainera, berariaz sartzen dira legearen 
aplikazio-eremuan beren jarduera nagusia atzerrian egin 
arren patronatuaren egoitza eta fundazioaren kudeaketa eta 
zuzendaritza Euskal Autonomia Erkidegoan zentralizatuta 
dauzkaten fundazioak. Ondorioz, adierazten da patronatuaren 
egoitzaren helbidea izan ahalko dela fundazioaren helbidea, 
edo fundazioak bere jarduerak nagusiki egiten dituen 
lekuarena, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan 
badago. Eta beste alderdi bat, berria hori ere, fundazioen 
eraketari dagokionez: espresuki jasotzen dira Euskal 
Zuzenbide Zibileko oinordetza-araubidearen aurreikuspen 
guztiak, beren berezitasun guztiekin. 


 [About BASIS WEBserver Gateway | Search | Search Assist | Summary | Expand/VTOC Display | DownLoad | Prior Document/Prior Multi-DB Result | Top | Prior Page | Next Page | Bottom | Next Document/Next Multi-DB Result | Help]