[About BASIS WEBserver Gateway | Search | Search Assist | Summary | Expand/VTOC Display | DownLoad | Prior Document/Prior Multi-DB Result | Top | Prior Page | Next Page | Bottom | Next Document/Next Multi-DB Result | Help]

Legearen zenbakia: 2016006L
Legea: 6/2016 Legea, maiatzaren 12koa, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzkoa
Descriptores..: voluntariado social;trabajo social;asistencia social;política social;participación social;sociedad sin fines de lucro;integración social
Legea: 6/2016 Legea, maiatzaren 12koa, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzkoa
Legea: 6/2016 Legea, maiatzaren 12koa, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzkoa
Usuar. actual.: SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID
Fecha actual..: 10.04.2018;10.04.2018;11.04.2018;12.04.2018;14.04.2018;16.04.2018;17.04.2018;19.04.2018;20.04.2018;20.04.2018
Hora actualiz.: 81825;231316;231948;231634;11819;232254;231713;72846;10943;150711
Legearen testua:

§ 376. 6/2016 LEGEA, MAIATZAREN 12KOA, Euskadiko Hirugarren 
Sektore Sozialari buruzkoa(1)

ZIOEN AZALPENA
 
   Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bitartez 
onartutako Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak, 9.2 
artikuluan, euskal botere publikoei obligazio gisa ezartzen 
die neurriak hartzea baldintzak sustatzeko eta oztopoak 
ezabatzeko gizabanakoen eta giza taldeen askatasuna eta 
berdintasuna benetakoak izan daitezen, eta baita ere 
faboratzea herritar guztiek bizitza politiko, ekonomiko, 
kultural eta sozialean parte har dezaten. 

   Zehazkiago, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 
arteko eskumen-banaketaren erregimenaren ikuspegitik, 
Autonomia Estatutuaren 10.12, 10.13, 10.23 eta 10.39 
artikuluek Euskal Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa 
ematen diote, batetik, asistentzia sozialaren alorrean, eta 
bestetik, irakaskuntza, kultura, arte, ongintza eta 
sorospen izaerako nahiz antzeko fundazioen eta elkarteen 
alorrean (betiere eginkizunak nagusiki Euskal Autonomia 
Erkidegoan gauzatzen badituzte), kooperatiben alorrean eta 
komunitatearen garapenaren alorrean.

   Euskal gizarteak sare sozial zabala, plurala eta aktiboa 
izan du eta izaten jarraitzen du; sare sozial hori 
herritarren ekimen libretik sortzen diren erakundeez 
osatuta dago, eta horrez gain, herritarren solidaritate 
antolatua eta partizipazio soziala kanalizatzen dituzte 
erakunde horiek, baita izaera sozialeko egoera, arazo edo 
premiaren baten eraginpean dauden pertsona, familia, talde 
edo komunitateen solidaritate antolatua eta partizipazio 
soziala kanalizatu ere. Hirugarren sektore sozialaz ari 
gara. 

   Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 
Legeak ekintza sozialaren hirugarren sektorea txertatu 
zuen, nahiz eta ez zuen zehaztu, eta Elkarrizketa 
Zibilerako Mahaia eratu eta arautzeko abenduaren 11ko 
283/2012 Dekretuak, halaber, "gizarte-ekintzako hirugarren 
sektorea" honela definitzen du: "gizarte-ekintzako 
hirugarren sektorea erakunde pribatu jakin batzuek osatzen 
dute: erakunde pribatu horiek formalki antolatuta daude, ez 
dute irabazteko asmorik eta, nagusiki, solidaritate soziala 
sustatzen dihardute, hala nola pertsonen partizipazio 
soziala, gizarte-eskubideak, inklusio eta kohesio soziala 
bultzatzen Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan". 

   Lege honen ondorioetarako, Euskadiko hirugarren sektore 
soziala osatzen duten erakundeek honako ezaugarri hauek 
dituzte: legezko egitura eta nortasun juridikoa dute, eta 
beren figura juridikoari dagokion erregistroan inskribatuta 
daude; borondatezko ekintzakoak dira; irabazi-asmorik ez 
dute; pribatuak dira eta beren burua gobernatzen eta 
kudeatzen dute; egoitza Euskadin dute eta jarduera Euskadin 
gauzatzen dute; eta helburu nagusia dute sustatzea inklusio 
soziala, garapenerako lankidetza eta zaurtasun, bazterketa, 
ezberdintasun, babesgabetasun edo mendetasun egoeran dauden 
pertsona, familia, kolektibo edo komunitateen eskubideen 
erabilera efektiboa; horretarako, esku-hartze sozialeko 
jarduerak gauzatzen dituzte, eta halakotzat hartzen dira 
zerbitzu sozialak, enplegurako sarbidearen sustapena eta 
pertsona horien inklusio soziala bultzatzeko jomuga duen 
beste edozein jarduera, barruan sartuta esparru, politika 
eta sistemen elkarreragin-guneetan xede horrekin 
gauzatutakoak, esate baterako gune soziolaboralean, 
soziohabitazionalean, sozioedukatiboan, soziosanitarioan, 
soziojudizialean edo soziokulturalean, edo beste batzuetan.

   Horrenbestez, hirugarren sektore sozialaren barnean 
ekintza sozialaren hirugarren sektorea sartzen da, hots, 
zerbitzu sozialen esparrua eta ekintza sozialaren esparrua, 
zentzu zorrotzean; baina haraindi doa, zentzu zabalean 
politika sozialetan kokatuta dauden beste hainbat esparru 
ere hartzen baititu, hala nola enplegua edo diru-sarrerak 
bermatzeko eta inklusio sozialerako sistema. 

   Hirugarren sektore soziala ekimen sozialeko erakundeek 
osatzen dute; erakunde horiek euskal gizartetik sortzen 
dira eta oinarri sozial bat daukate, bazkide eta 
boluntarioz osatua, horiez gainera askotan langile 
kontratatu ordainduz ere osatua; eta esku-hartze sozialeko 
jarduerak gauzatzen dituzte.

   Erakunde horiek pertsona edo kolektibo hauen alde lan 
egiten dute: adinekoak, haurrak eta nerabeak, gazteak, 
emakumeak, indarkeria matxista sufritzen ari diren edo 
sufritu duten pertsonak, desgaitasunak dituztenak edo 
menpekotasunean daudenak, gaixotasunen bat dutenak, 
etorkinak, langabeak, bazterketa sozialeko egoeran edo 
arriskuan daudenak, beste pertsona edo kolektibo batzuk, 
edo biztanleria oro har. 

   Horrelako erakundeek premiei eman beharreko erantzuna 
eta instituzioekiko lankidetza kritikarako, salaketarako 
eta alternatibak proposatzeko gaitasunarekin konbinatzen 
dituzte, funtsezko ekarpena, ekarpen bereizgarria, eginez 
honako hauei: a) ematen dituzten zerbitzuen xede diren 
pertsona, familia, talde eta komunitateei, eskubideak 
sustatzeari eta benetan erabiltzeari eta gaitasunak eta 
bizi-proiektuak garatzeari dagokienez, betiere ahalik eta 
autonomiarik handiena utziz; eta b) euskal gizarte osoari, 
hain zuzen ere solidaritateari eta elkar laguntzari, 
partaidetzari, kohesio sozialari, politika sozialak eta 
erantzukizun publikoko sistemak sustatzeari, zerbitzu-
hornikuntzari (hots, horrelako zerbitzuak diseinatzea, 
ematea, ebaluatzea eta hobetzea) eta gobernantzari 
dagokienez.

   Ondorioz, hirugarren sektore soziala euskal gizartearen 
funtsezko aktiboa da, batetik, edozein egoeratan –bereziki, 
ekonomiaren, politikaren, erakundeen, gizartearen eta 
balioen alorretan egun pairatzen ari garen krisialdi-egoera 
honetan– bidezkoa, berdintasunezkoa, solidarioa, 
kohesionatua, partizipatiboa eta demokratikoa izango den 
gizarte gisa eratu dadin; eta bestetik, premia sozialei 
modu egokiagoan erantzun dakien, hots, modu integral, 
gertuko, pertsonalizatu eta partizipatiboan, betiere 
sektoreen arteko lankidetzan oinarrituta eta pertsona, 
familia, kolektibo eta komunitate jasotzaileen 
partizipazioarekin. 

   Halaber, hirugarren sektore sozialeko elkarteek kapital 
garrantzitsua bideratzen dute: kapital soziala, giza 
kapitala eta harremanekin loturikoa. Horrez gainera, 
jarduera ekonomiko garrantzitsua gauzatzen dute, eta horren 
bitartez, itzulera ekonomiko eta soziala sortzen dute; 
horrela, enplegu-sorreran intentsiboak dira erakunde 
horiek, erantzukizun publikoko zerbitzuen hornikuntzan eta 
enplegu-alternatiben sorreran lagunduz eta laneratze-
prozesuetan lagun eginez, nagusiki desgaituei eta 
bazterketa sozialeko egoeran  edo arriskuan dauden 
pertsonei dagokienez.

   Bestalde, hirugarren sektore sozialeko erakundeek sareak 
osatu ohi dituzte, beste batzuekin elkartuta bigarren 
mailako erakundeetan (federazioak, elkarteak edo antzekoak) 
edo maila handiagokoetan. Euskal Autonomia Erkidegoan, 
aurrera egiten ari gara hirugarren sektore sozialeko 
Euskadiko sare guztiak sareen sare batean elkartzeari 
dagokionez. 

   Euskal sektore publikoarekiko loturari gagozkiola, 
erakunde horiek erantzukizun publikoko sistemetan parte 
hartu dute eta parte hartzen dute, presentzia oso 
esanguratsua izanik, sortu zirenez geroztik, zerbitzu 
sozialen sisteman, enplegu-sisteman, diru-sarrerak 
bermatzeko eta inklusio sozialerako sisteman eta esku-
hartze sozialarekin loturiko sistemen –esaterako, 
hezkuntza-sistemaren eta osasun-sistemaren– arteko 
elkarreragin-guneetan. Horrela, erantzukizun publikoko 
sistemen osagarri dira (etxebizitza-politikekin gertatzen 
den bezala), edo osasun- eta hezkuntza-sistemen osagarri; 
eta hori ez ezik, parte hartzen duten sistema horien 
eraikuntzan, finkatzean eta zabalkundean. Modu horretan, 
interes orokorreko zerbitzu sozialen hornikuntzan laguntzen 
dute, Europako erreferentziazko araudian horiek zehazten 
diren moduari jarraiki, eta baita zerbitzu-hornikuntzaz 
bestelako interes orokorreko beste hainbat jardueratan ere.

   Era berean, euskal administrazio publikoak hirugarren 
sektore sozialarekin elkarlanean aritzen dira, honako hauek 
sustatzeko: boluntariotza, elkarrekiko laguntza eta 
partizipazio soziala; familien ekarpen soziala, ahaide 
zaintzaileen zaintza, eta erantzukidetasuna eta 
kontziliazioa, zeinek faboratzen baitute herritartasun 
aktiboa eta partizipazio soziala; eta bestelako interes 
orokorreko jarduera sozial batzuk, biztanleria guztiaren 
inklusio sozialaren alde erakundeek gauza ditzaketenak. 

   Inklusio soziala, eskubideen benetako erabileraren 
emaitza izateaz gain, harremanezko ondasuna ere bada, 
pertsonen, familien eta sozializaziorako eta laguntza 
informalerako bestelako agenteen, ekimen sozialeko 
erakundeen, sektore publikoaren eta enpresen arteko 
askotariko elkarreraginen emaitza dena. 


 [About BASIS WEBserver Gateway | Search | Search Assist | Summary | Expand/VTOC Display | DownLoad | Prior Document/Prior Multi-DB Result | Top | Prior Page | Next Page | Bottom | Next Document/Next Multi-DB Result | Help]