[About BASIS WEBserver Gateway | Search | Search Assist | Summary | Expand/VTOC Display | DownLoad | Prior Document/Prior Multi-DB Result | Top | Prior Page | Next Page | Bottom | Next Document/Next Multi-DB Result | Help]

Legearen zenbakia: 2012015L
Legea: 15/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa
Descriptores..: seguridad pública;policía;protección civil;cooperación administrativa
Legea: 15/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa
Legea: 15/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa
Usuar. actual.: SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID
Fecha actual..: 10.04.2018;10.04.2018;11.04.2018;12.04.2018;14.04.2018;16.04.2018;17.04.2018;19.04.2018;20.04.2018;20.04.2018
Hora actualiz.: 81824;231316;231947;231633;11818;232254;231712;72845;10942;150711
Legearen testua:

§ 346. 15/2012 LEGEA, EKAINAREN 28KOA, EUSKADIKO SEGURTASUN 
PUBLIKOAREN SISTEMA ANTOLATZEKOa(1)

ZIOEN AZALPENA

I

   Lege honen xedea Euskadiko segurtasun publikoaren 
sistema antolatzea da. Sistema horretan, herri-
administrazio guztiek hartuko dute parte, eta printzipio 
hauek izan behar ditu oinarrian: osagarritasuna, 
lankidetza, koordinazioa, elkarlana, elkarrekiko 
informazioa eta erakundeen arteko leialtasuna.

   Segurtasun publikoaz aritzerakoan, beharrezkoa da 
ikuspegi sistematiko eta integral bat hartzea, zeinak 
artikulatzen baitu administrazio publikoek abian jartzen 
duten xedapen, prozedura, bitarteko eta baliabide sorta 
bat, helburu duena baldintzak sortzea eta oztopoak 
ezabatzea pertsonek bete-betean disfruta ditzaten beren 
eskubideak eta askatasunak eta posible izan dezaten 
bizikidetza baketsuan, ongizatean eta gizarte kohesionatuan 
bizitzea, hartarako ahal den neurrian murriztuz arriskuak 
eta perilak, nahita edo nahi gabe gertatu ohi direnak, 
pertsonen eskubideei eta askatasunei dagokienez, bai eta 
pertsonen euren, beraien ondasunen eta ondare kolektiboaren 
segurtasunari dagokionez ere.

   Halako segurtasunaren eskean daude, gero eta gehiago, 
gaur egungo gizarte moderno eta aurreratuak, eta eskari 
horri erantzuteko helburua dauka, hain zuzen, lege honek, 
segurtasuna hori lortzeko beharrezko baldintza objektiboak 
taxutzeko tresna eta erremintak emanez.

   Horra hor nola ulertzen den segurtasun publikoa, eta 
horregatik hain zuzen ere, politika publikoek herritarra 
dute ardatz, zerbitzu publikoak erabili behar dituen 
subjektu aktibo modura ulerturik. Ardatza ez da, beraz, 
garai batean bezala, soil-soilik Estatuaren segurtasuna eta 
ordena publiko materiala zaindu beharra.

   Ikuspuntu berri horretatik abiaturik, aginte publikoek 
herritarrak eta antolakundeak eta erakundeak mehatxuetatik 
babesten saiatu behar dute, mehatxu horiek eskubideen eta 
ondasunen aurkakoak izan, edo ongizatearen eta gizartearen 
onuraren aurkakoak izan, nahita sortutakoak, edo nahi gabe 
gertatutakoak.

   Autonomia Estatutuaren 17. artikuluaren aginduz, Euskal 
Autonomia Erkidegoak badu ordena eta segurtasun publikoaren 
inguruko eskumenik, eta horri jarraiki oso-osorik kudeatzen 
du Euskadiko segurtasun publikoa, salbu eta Estatutuak 
berak zehazten dituen erkidegoz gaindiko eta kanpoko gaiak.

   Eskumen hori eta segurtasun publikoarekin lotura zuzena 
duten beste eskumen espezifiko batzuk –funtsean polizia 
bereziaren jarduntzat hartzen baitira zentzu publikoan– 
baliatuta, gure autonomia-erkidegoak segurtasun publikoari 
buruzko bere berariazko ordenamendua osatu zuen joan den 
mendeko azken hamarkadan. Eta, hala, besteak beste, lege 
hauek onartu zituen: Euskal Herriko Poliziari buruzko 
uztailaren 17ko 4/1992 Legea; Larrialdiak Kudeatzeko 
apirilaren 3ko 1/1996 Legea; Jendaurreko ikuskizunei eta 
jolas jarduerei arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legea; edo 
Euskal Herriko Autonomia Elkartean jokoa arautzeko 
azaroaren 8ko 4/1991 Legea.

   Eskarmentuak erakutsi duenez, segurtasun publikoarekin 
zerikusia duten osagaien eta arlo-politiken artean bada 
hainbat lotune eta sinergia, eta derrigorra zen begi bistan 
jartzea, indartzea eta koordinatzea.

   Eta hori guztia ikusita, beharrezko gertatzen da 
Euskadiko segurtasun publikoaren arau-sistema berriro 
antolatzea. Abiapuntua izango litzateke segurtasun publikoa 
arragoa moduko baten modura ulertzea, hainbat 
azpisistemaren helburuen, oinarrizko printzipioen eta 
elementu erkide batzuen arragoa.

   Segurtasun publikoaren sistemaren barruan daude polizia 
eta herritarren segurtasunarena eta larrialdiak eta babes 
zibilarena. Badira, hala ere, jarduera administratiboaren 
beste arlo batzuk, hala nola zirkulazioa eta bide-
segurtasuna, jokoa, ikuskizunak eta jolas-jarduerak, eta 
bada segurtasun publikoari loturik dauden edo segurtasun 
publikoaren osagarri diren beste jarduera batzuen araubidea 
ere (hala nola segurtasun pribatua), eta haietako bakoitzak 
bere arautegia du. 

   Horrela, bada, gure ordenamendu juridikoan –itxura 
batean inongo loturarik gabe– arau-ildo ezberdinetan 
bilduta ageri ziren hainbat azpisistema sistema komun 
batean egituratzen ditu lege honek, guztiek azken helburu 
bera eta hartarako gaitzen duen bide bera baitituzte: 
segurtasun publikoa. Arau honen helburua da segurtasun 
publikoaren arloko euskal antolamenduaren erpina edo arau 
ardatza izatea, alegia, sektore horretako gainerako lege 
guztien aterpe izatea, denak ere segurtasun publikoaren 
arauen azpisistema honetan bil daitezen.

II

   Proiektuaren I. tituluaren I. kapituluan arautzen dira 
legearen xedea, segurtasun publikoaren sistemaren 
kontzeptua, bere baitan dituen zerbitzuak, administrazio 
eskumendunak eta sisteman parte hartzen dutenak, eta zein 
printzipio diren bide-argi segurtasun-publikoko politikak 
osatzeko, administrazioaren jardunerako eta erakunde arteko 
harremanetarako.

   Sistemaren integrazioaren oinarriak dira: jarduteko 
printzipio komun batzuk izatea, erakundeen arteko 
koordinaziorako eta elkarlanerako organismo formalak egotea 
eta administrazioek segurtasun publikoaren arloan garatu 
behar dituzten politika publikoak era mailakatu eta 
koherente batean planifikatzea 

   Nola jardun jakiteko, segurtasun publikoaren sistema 
osorako printzipioak ere finkatzen ditu legeak. Printzipio 
horien artean aipagarria da sistema hau herritarren 
eskubide-askatasunak eta pertsonen eta ondasunen 
segurtasuna mehatxatzen dituzten arriskuen prebentzio 
proaktibora bideratzen duena, hau da, aurretiaz eta kalteei 
aurrea hartzeko moduan planifikatu behar dela 
Administrazioak zer egingo duen. 


 [About BASIS WEBserver Gateway | Search | Search Assist | Summary | Expand/VTOC Display | DownLoad | Prior Document/Prior Multi-DB Result | Top | Prior Page | Next Page | Bottom | Next Document/Next Multi-DB Result | Help]