[About BASIS WEBserver Gateway | Search | Search Assist | Summary | Expand/VTOC Display | DownLoad | Prior Document/Prior Multi-DB Result | Top | Prior Page | Next Page | Bottom | Next Document/Next Multi-DB Result | Help]

Legearen zenbakia: 2012014L
Legea: 14/2012 Legea, ekainaren 28koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa
Descriptores..: minoría sexual;discriminación basada en la orientación sexual;lucha contra la discriminación
Legea: 14/2012 Legea, ekainaren 28koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa
Legea: 14/2012 Legea, ekainaren 28koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa
Usuar. actual.: SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID;SAUID
Fecha actual..: 10.04.2018;10.04.2018;11.04.2018;12.04.2018;14.04.2018;16.04.2018;17.04.2018;19.04.2018;20.04.2018;20.04.2018
Hora actualiz.: 81824;231316;231947;231633;11818;232254;231712;72845;10942;150711
Legearen testua:

§ 345. 14/2012 LEGEA, EKAINAREN 28KOA, Transexualak genero 
identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak 
aitortzeari buruzKOa(1)

ZIOEN AZALPENA

I

   Transexualitatea ez da gaur egungo kontua. Aspalditik 
dator eta hainbat kulturatan agertzen da. Transexual hitza 
1940. urtean hasi zen erabiltzen sexuari dagokion 
disoziazio bat bizi duten pertsonak izendatzeko; disoziazio 
hori jaiotzean duten sexua eta haiek sentitzen dutena bat 
ez izatean datza.

   1980. urtetik, transexualitatea buru-nahasmendu gisa 
dago sailkatuta. Gaur egun ere, buruko gaitzei buruzko 
nazioarteko bi eskuliburutan (DSM-IV-R eta CIE-10, hain 
zuzen ere, hurrenez hurren APA American Psychiatric 
Association-ek eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak eginak) 
horren berri ematen da, eta, bertan, "identitate sexualaren 
nahasmendutzat" nahiz "genero-identitatearen 
nahasmendutzat" jotzen da. Sailkapen horren ondorioz, 
diagnostiko mediko bat erantsi zaio sexu biologikoaren eta 
gizartean esleitutako generoaren arteko disoziazioari: 
genero-disforia.

   Gaixotasunen diagnostikoari buruzko nazioarteko 
sailkapen nagusiek genero-disforia nahaste edo gaixotasun 
mentalen barruan sartzen badute ere, gero eta gehiago dira 
etiketa patologiko horiek ezabatu beharra dagoelako iritzi 
sendoa duten izen handiko ikertzaile eta adituak, Eusko 
Legebiltzarrak 2010eko irailaren 30ean hartutako 
erabakiaren ildotik, non eskatzen baitzen abiaraz zitezela 
hainbat ekintza, Osasunaren Mundu Erakundean, 
transexualitatea gaixotasun mentalen sailkapenetik 
erretiratzeko. Nahita ez bada ere, gauza jakina da 
etiketatze horien ondorioz ugari direla transexualen 
oinarrizko eskubideen urraketak (eraso fisiko eta 
psikikoak, bazterkeria, bakardadea, isolamendua…).

   Egiaz, transexualek ez dute laguntza eskatzen patologia 
edo nahasteren bat dutelako, baizik eta oinarrizkoenak 
diren eskubideak askatasunez garatzeko orduan oztopoak 
izaten dituztelako gizartean, eta zailtasun horiek haien 
bizitzak minez eta larritasunez betetzen dituztelako. 
Ondorioz, abiarazteko premisak, nahitaez, honako hau jaso 
behar du: jaiotzean ageri diren kanpoko organo genitalek 
erakusten duten irudi hutsetik harago doa pertsona baten 
sexua. Beraz, transexualitateak lotura du sexuaren 
kontzeptu ez erabat biologiko batekin –hala erabaki zuen 
aho batez Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2002ko bi 
epai garrantzitsutan–, baizik eta, batez ere, kontzeptu 
psikosozial batekin; izan ere, aitortzen da pertsonon 
izaera egituratzen duten ezaugarri psikologikoak gailentzen 
direla azkenean pertsonengan, eta horiek direla giza 
borondateari nagusitasuna ematen diotenak, edozein kontu 
fisikoren gainetik. 

   Horrekin lotuta, ezin da inondik ere alde batera utzi 
orientazio sexualari edo genero-nortasunari buruzko giza 
eskubideen nazioarteko legeria aplikatzearen gaineko 
Yogyakartako printzipioetan aipatzen dena –printzipio 
horiek 2007ko martxoaren 26an aurkeztu ziren, Genevan 
(Suitza) egin zen Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen 
Kontseiluaren laugarren bilkuraren barruan, Legelarien 
Nazioarteko Batzordeak eta Giza Eskubideen Nazioarteko 
Zerbitzuak proposatuta–: "Kontrakoa dioen edozein sailkapen 
dena delakoa izanik ere, pertsona baten sexu-joera eta 
genero-identitatea ez dira, berez, medikuek aztertu 
beharreko egoerak eta, beraz, ezin izango dira ez tratatu, 
ez sendatu, ez eta ezabatu ere". Ildo horretatik, Nazio 
Batuen Giza Eskubideen Batzordeak, 2011ko uztailean, 
pertsonek beren joera sexualagatik edo genero-
identitateagatik jasaten duten bereizkeria geldiaraztearen 
aldeko ebazpena onartu zuen. Nazio Batuen ebazpenak 
azterlan bat egiteko eskatu zion Navi Pillay andreari, 
Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen arlorako duen goi-
komisarioari, "informazioa jaso zezan sexu-joeragatik eta 
genero-identitateagatik pertsonen aurkako bereizkeria 
eragiten zuten lege eta praktikei nahiz indarkeria-egintzei 
buruz".

   Egia esanda, azken urteotan aurrerapausoak eman dira 
transexualitatea despatologizatzeko eskariaren bidetik. Bi 
mailatan eman dira aurrerapauso horiek. Batetik, 
gaixotasunen eskuliburuetan nahasmendu gisa agertu ez dadin 
saiatu dira. Bestetik, tratamendu medikoren bat behar 
dutenean, transexualak dena delako tratamenduan 
protagonista eta subjektu aktibo bihurtu dira, eta 
gaitasuna eta legitimitatea aitortu zaizkie beren erabakiak 
hartzeko orduan, autonomiaz eta beren gorputzekiko 
erantzukizunaz.

   Eskakizun horiekin batera, genero-identitateari 
dagokionez, azken urteotan ikuspegi soziojuridiko 
berritzaile bat ere agertu da, eta horren bidez, oinarrizko 
giza eskubidetzat hartu da pertsona bakoitzak bere generoa 
zein den askatasunez adieraztea. Ikuspegi hori nazioarteko 
hainbat agiri eta txostenetan jaso da, eta haien artean 
nabarmentzekoak dira Yogyakartako printzipioak, lehen ere 
aipatuak, eta "Giza eskubideak eta genero-identitatea" 
txostena, Thomas Hammarberg Europako Kontseiluko Giza 
Eskubideen komisarioak idatzia, eta 2009ko uztailean 
argitaratua. Testu horietan adierazten da identitate 
transexualak gaixotasun mental edo organikotzat hartzen 
jarraitzeak pertsonen giza eskubideen urraketa dakarrela. 


 [About BASIS WEBserver Gateway | Search | Search Assist | Summary | Expand/VTOC Display | DownLoad | Prior Document/Prior Multi-DB Result | Top | Prior Page | Next Page | Bottom | Next Document/Next Multi-DB Result | Help]